Leporaino bete zen Miribillako Bilbao Arenan Gatibu, Kalakan, Maren, Xabi Aburruzaga edo Afrika Bibang bezalako artistekin abesteko aukera izan zuten ikasleek
Fair Saturday arte eta kulturaren indarra aldarrikatuz, giza-egitasmo ezberdinei elkartasuna adierazteko asmoz 2014an jaiotako mugimendua da. Honen erakusle nagusia hasierako ekitaldi gisa antolatzen den kontzertua delatik. Honen inguruan LHko irakasleekin hitz egiteko aukera izan dugu.
KIKUKE ALDIZKARIA: Nondik etorri zen ekimen honekin bat egitearen ideia?
ARTXANDAPEKO IRAKASLEAK: Egia esan, aspalditik dihardugu elkarlanean Fair Saturday mugimenduarekin: cuentos contra el bullying, cuentos para pensar… Pentsa, orain urteak ere, bullyingaren aurkako ipuinen sari-banaketa ekitaldia Iñaki Zubizarretarekin egon, eta handik denbora batera Ikastolara ekarri genuen, ikasleekin gai honen inguruan lan egitera.
K: Beraz ez zen elkarlan berria zuontzat?
I: Ez, LHn eta DBHn batik bat, aipatutakoak bezalako gai-sozialak hizpide dituzten narrazio lehiaketetan parte hartu izan dugu urteotan. Baina kontzertuarekin aurten ausartu gara lehen aldiz. Gogoa bageneukan, egia esan!
K: Zerk eraman zintuzten pausoa ematera?
I: Lehenengo eta behin, esan beharra dugu Artxandape Ikastolaren xede eta nortasunarekin egiten dutela bat Fair Saturday mugimenduaren asmo zein nahiek! Gainera, musika tartean badago, honek aukera ezinhobea eskaintzen digu ikasleekin esfortzua, diziplina, talde-izaera… lantzeko. Bilbao Arenan ikusitakoaren atzetik lan handia baitago!
Eta azkenik, zer esanik ere ez, neska-mutilek hain estima handian dituzten abeslari eta taldeekin oholtza partekatzeko aukera izanez gero…
K: Beraz, zalantza gutxi animatzerako momentuan!
I: Argi dago, guztion ahaleginak benetan merezi izan duela, ikasleek horrelako bizipen hunkigarri eta ahaztezina daramate betirako!
K: Gatibu, Kalakan, Maren, Xabi Aburruzaga, Afrika Bibang…
I: Eta ez soilik hauek! Daukan musika-mailagatik Bilboko Musika Banda bera era erreferente da estatuan. Azken urteak José Rafael Pascual Vilaplana (Alacant, 1971) maisuaren gidaritzapean ere aurretiaz zeraman ibilbidea borobiltzea lortu du taldeak. Honetaz ez eze, ekitaldiko errepertorioan euskal musikagileen moldaketa bikainez gozatzeko aukera ere izan genuen, hala nola, Iñaki Urkizu beasaindarraren (Bilboko Bandako zuzendari-ordea) eta zinema, telebista eta antzerki munduetako musikan aspaldian bogan dagoen Fernando Velázquez getxoztarrarenak. Eta ezin ahaztu Pablo Sorozabalen Gernika martxa hunkigarria!
K: Dena etxean geratu zen, orduan?
I: Ez, ez. Euskal musikak izan zuen bere tartea, aipatutakoaz gain, euskal musikako klasiko handiak ere entzun (eta abestu) genituelako: Lau teilatu, Txoria txori, Baga biga… Baina, errepertorioa oso anitza izan zen, anitza eta nazioartekoa ere! Ikastolan entsaiatzen ibili ginen denboran gure neska-mutilen kantarik kuttunenak Pink Floyd-en Another brick in the wall edo Oh happy day gospela zirela esango genuke! Eta estiloetan ere anitza izan zen, banda doinu klasikoetatik (martxak, opera, fimeetako soinu bandak…) hasi eta gaua ixteko giroa hankaz gora jarri zuen Gatiburen rock-melodietara heldu arte!
K: Musika maila itzela izan zen, baina ikuskizuna ere, ezta?
I: Bai, gainerako esparruetan ere esperientzia handiko jendea aritu izan zen. Aurkezle lanetan etb-n aurpegi oso ezaguna: Ilaski Serrano bermeotarra. Eta argi-ikuskizunaren inguruan zer esango dugu, ba? Apartekoa izan zela! Iñaki Irastorzaren esku zegoen eta honek ere erakutsi zuen bere maila (Donostiako Zinemaldia, Benidorm Fest, La Voz Kids…).
K: Azkenik, antolaketari dagokionez, zelan moldatu zineten?
I: Ba… 2.000 abeslari (tartean 8-10 urteko gure ikasleak), 7.000 ikusle inguru… Ez da erraza hau guztia kudeatzea eta aitortu beharra dugu hasieratik Fair Saturdayko ekipoak lan oso ona egin zuela; dena lotuz, koordinatuz eta erraztuz. Nora, Jordi, Cristina… ekipo osoari eskerrak eta zorionak eman behar dizkiogu! Erronka handia zen eta nota bikainaz gainditu dute! Artxandaperi dagokionez ere, lana erruz egin dugu, entsegu mordoarekin; emaitzak ikusi ditugu eta hasieran esan bezala, ikasleei eskainitako esperientzia ahaztezinak zentzua ematen dio guzti honi. Eta eskerrak ere familiei, beraien konfiantzagatik eta aupadagatik, bereziki, entsegu zein ekitaldi egunetan ikasleekin gora eta behera laguntzen ibili zirenei!
PRENTSA:
DEIA
El Correo
eitb // [Euritan Dantzan]